XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gehiago ez da gure odolik isuriko eta guk ere ez dugu isur eraziko besterenik.

- Zahartu zara, O-kie-pá-Suzko Begiak! Zahartu zara eta zure bihotza ahuldu da; eta zure pultsuak dardara dauka.

Horregatik ez duzu nahi borrokarik eta gerrarik.

Zure besoak dagoeneko ez dauka indarrik eta zure giharreak ere ez daitezke teinka arkuaren haria bezala!.

Honela mintzatu zena Kitxai gaztea izan zen, eta haren hitzen ondoren isiltasun ikaragarri bat sortu zen.

Zirrara latz bat egin zen tribu osoaren jabe une batetik bestera, inor ez zen mugitzera ere ausartu.

Bere begiek argi handiko tximistak jaurti zituzten.

Guztientzat ezaguna zen begirada hura.

Hainbat eta hainbat aldiz etsaiak izutu zituena, izena bera ere eman zion begirada.

Kitxai berak ere hotzikara bat nabaritu zuen bere gorputzean begirada hura gainetik kendu gabe beregan sentitzean.

Orduan Buruzagi Handiak gerrako aizkora hartu zuen, besoa zuzen-zuzen altxa bere buruaren gainetik eta horrelaxe mantendu zuen goian, inolako balantza eta dardararik egin gabe.

Gero mugimendu azkar eta zuzen bat eginez jaurti egin zuen aizkora.

Ziztu lehor bat eginez gurutzatu zuen airea armak, eta han urrutian zegoen zuhaitzik altuen eta bakartienaren enborrean sarturik geratu zen.

Begirada guztiak batera leku berean elkartu ziren, eta berriro miresmenez Buruzagi Handiarengana itzuli ziren.

Gazteak bazekien zer egin behar zuen.

Norbaitek Buruzagi Handiari erronka botatakoan, txirobarrek egin beharreko erritoa zein zen bazekien: berak ere aizkora jaurti beharra zeukan, eta urrutiago jaurti gainera.

Hori lortu ezean Buruzagi Handiak bizia kentzeko eskubidea zuen.

Baina Kitxaik beste gauza bat ere bazekien: berak jaurti zezakeen aizkora erdibideraino ere ez zela iritsiko, alegia.

Baina orduan ez zegoen atzera egiterik.

Aizkora hartu eta bere indar guztiez jaurti zuen.

Arma lurrera erori zen astunki.

Buruzagi Handiak jaurtitako aizkora han zegoen urrutiko zuhaitzean.

- Ekar itzazu aizkorak, esan zion orduan O-kie-pák Mezulari Azkarrari.

Eta mutikoa aizkoretara zihoan bitartean, isiltasuna oraindik areagotu egin zen tribuan.

Denak kupidarik gabeko zigorraren zain zeuden.

Igampuy itzuli zenean Buruzagi Handiak aizkorak hartu eta Kitxairi emanez honela esan zion: - Nire bihotzak gezurrik gabe hitzegiten dizu; nire pultsuak ez du dardararik egiten, eta nire besoa sendoa da; baina nire tribuarenganako maitasuna oso da handia, eta ez da txirobarren odol gehiagorik isuri behar, ezta beste azalgorrienik ere.

Ezta zurerik ere, Kitxai.

Tori zure aizkora eta lurpera ezazu tribuko beste arma guztiekin batera.

- Entzun ezazu, O-kie-pá-Suzko Begiak, Buruzagi Handia.

Arma guztiak lurperatzen baditugu nola ehiza ditzakegu bisonteak? galdetu zuen orduan txirobar haietako batek.